Zibersegurtasunean adituek ohartarazi dute teknologia berriek dakartzaten arriskuez informatu behar dela gizartea

  • Gipuzkoa Encounterren parte hartu duten hainbat hizlarik adierazi dute oraindik egiteke asko dagoela interneteko erabiltzaileak jabetu arazteko zenbaterainoko ardura duten ziberdelinkuentziatik babesteko garaian
  • Mondragon Unibertsitateko Jesús Lizarraga elkarlanaren alde agertu da, zibererasoetatik babesteko oinarrizko arauak ezagutarazte aldera. Horrela, teknologia-erabiltzaileek segurtasunez jokatu ahal izango dute; batez ere, internetera konektatuta ditugun gailuen kopurua nabarmen gora ari den garai honetan
  • Defentsa aktiboaren eta ziberdelituen aurkako kontra-inteligentziaren gakoak azaldu ditu CounterCraft enpresako zibersegurtasun arloko analista den Marta de la Cruz Martosek. Gainera, pirata informatikoen erasoak desbideratzeko amuak eta egoera sinesgarriak sortzeko sistema berriak daudela azaldu du
  • Topaketa Euskaltel Konekta Fundazioak antolatu du, Euskaltelen, Tolosako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren (SPRI Taldearen bitartez) laguntzarekin

 

Gipuzkoa Encounter topaketan parte hartu duten hainbat adituk ohartarazi dute teknologia berriek dakartzaten arriskuez informatu behar dela gizartea. Teknologia berrien bilkuran eskainitako zenbait hitzalditan azpimarratu dute babes-neurri aktiboak hartzea beharrezkoa dela gailu adimendunak segurtasunez erabiltzeko. Batez ere, gero eta aparailu gehiago ditugulako internetera konektatuta: sistema domotikoak, autoak, telebistak, etxetresna elektrikoak edota taupada-markagailuak, besteak beste.

Mondragon Unibertsitateko Jesús Lizarragak sakelako telefonoa erabiltzeko jardunbide egokien zerrenda bat kontuan hartzeko garrantzia aipatu du; izan ere, gero eta gehiago erabiltzen dira gailu horiek eta aplikazioen deskarga ere nabarmen ari da handitzen. Horren aurrean, jakinarazi du terminal horietan gordetzen den informazio kantitatea oso handia dela; eta argazkiak eta dokumentuak baino askoz ere gehiago dagoela. Gainera, zibererasoak soilik ordenagailuen aurka egiten direneko uste okerra oso zabaldua dagoela iritzi du; eta, egiaz, gailu mugikorren aurkako eraso gehiago gertatzen direla baieztatu du.

Zoritxarrez, erabiltzaileek erabaki okerrak har ditzakete ezjakintasunagatik. Eta, hortaz, hezkuntzari garrantzia handia eman dio; teknologia berrien erabilera segurua txikitatik irakasteari, hain zuzen. 

Gehien zabaldutako arriskuen artean, wifi sare irekien edo fidagarritasun eskasa duten horien erabilera aipatu du, baita gure kokapena erabiltzen duten app-ak deskargatzea ere. 2016ko Mobile World Congress ekimenean gertatutakoa gogorarazi du: Avast konpainiak erakutsi zuen wifi sare bat doan irekitzea, lau orduz, nahikoa zela 2000 datu lortzeko. Eta hori ezagutza teknologikoak dituzten pertsonen bilkura batean gertatu zen. Telefonoetarako aplikazioei dagokienez, jakinarazi du iaz 20 milioi app maltzur hauteman zirela, eta horrek ransomeware erasoen areagotzea eragin zuela (gailuen blokeoa erreskateak eskatzeko) gailu mugikorretan. Alabaina, erabiltzaile gutxik erabiltzen dute antibirusa telefono adimendunetan, eta aplikazioak arretaz deskargatzen dituztenak ere gutxi dira.

Mondragon Unibertsitateko adituak hainbat aholku eskaini zituen, eta horiek ahal bezainbeste zabaltzeko eskatu zuen: sakelako telefonoen erabilera-kontrolak instalatzea, pasahitz seguruak eta desberdinak erabiltzea aplikazio bakoitzean, eta horiek sei hilero berritzea; gure telefonoetan gordetako ordainketa-sistemekin kontuz ibiltzea, eta, batik bat, galdu nahi ez dugun guztiaren segurtasun kopiak egitea.

 

Ziberdelinkuentziari aurre egiteko defentsa aktiboko sistemak

Beste hizlarietako bat izan da zibersegurtasun arloko analista Marta de la Cruz Martos. Ziberkrimenei aurre egiteko, defentsa aktiboko eta kontra-inteligentziako plataforma aurrendaria sortu duen CounterCraft nazioarteko enpresako aditua da bera.

Adituak pirata informatikoen aurkako babes-sistema berriak azaldu ditu: amuak eta egoera sinesgarriak sortzen dituzte erasoak desbideratzeko. Horrela, informazio garrantzitsuen lapurreta ekiditen dute, eta jabetza intelektualaren usurpazioaren ebidentziak lor ditzakete, baita enpresa bateko ‘satorrak’ topatu ere. Horretarako, kontra-inteligentziako eginbeharrak automatizatzen dituzte; ez ziberdelitugileak erasotzeko, baizik eta informazio propioa manipulatuz erasotzaileak zigortzeko.

Mondragon Unibertsitateko Fran Murillok, berriz, Internet bidezko ordainketa-sistemak azaldu ditu. Sektore hori izugarri hazten ari da eta, hortaz, beharrezkoa da erabiltzaileak adi ibiltzea transferentzia seguru eta gardenak izan ditzaten.

Gipuzkoa Encounterren bigarren jardunaldiak erakargarritasun asko izan ditu. Guztira, 600 partaide eta 2500 bisitari inguru elkartzeko aurreikuspena duen informatika-festaren antolatzailea Euskaltel Konekta fundazioa da, eta laguntzaile dira Euskaltel, Tolosako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Landa Ingurumeneko eta Lurralde Orekako departamentua, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura saila, SPRIren bitartez.

Antolatzailea

Euskaltel Konekta
Euskalamiga Elkartea

Ahotsa:

943-533696 (9:00-13:30 eta 15:30-19:30 CET, astelehenetik ostegunera eta 9:00-13:30 ostiraletan)

Faxa:

943-533697

IRC auzo ofizialak:

IRC-Hispano
#euskal
QuakeNet
#euskal

Edozein galdererako:

olatz@euskalencounter.org

Prentsa arduraduna:

Aitor Ubarretxena. Infotres Comunicación.
943 22 45 30 / 609 12 16 66
E-mail: press@euskalencounter.org

 

Lokalizazioa

twitter facebook flickr youtube instagram twitch