Ikasgela erraldoi bilakatuko da Tolosako Usabal kiroldegia 13. Gipuzkoa Encounter informatika-topaketari esker

  • Teknologia berrien adituak, profesionalak eta zaleak elkartzeko gaitasuna duen ekimen honek ezagutzen trukea eta enpresa-proiektuen garapena ahalbidetuko du
  • Bihartik igandera bitartean gauzatuko den bilkurak 600 parte-hartzaile bilduko ditu, eta arte digital, hardware, software libre eta bideo-joko lehiaketak eskainiko ditu, baita hitzaldiak eta tailerrak ere, besteak beste
  • Aurten, informatika-segurtasuna izango da ardatz, eta gaiaren inguruko prestakuntza-saioak izango dira, ordenagailuetan eta sakelako telefonoetan sor daitezkeen arriskuak ekiditen ikasteko
  • Topaketa Euskaltel Konekta Fundazioak antolatu du, Euskaltelen, Tolosako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren (SPRI Taldearen bitartez) laguntzarekin

Gipuzkoa Encounter 13 topaketaren formakuntza-eskaintza azpimarratu dute antolatzaileek eta babesleek, prestatutako egitarau zabalari esker ikasgela erraldoi bilakatuko baita Tolosako Usabal kiroldegia. Parte-hartzaile eta bisitariek teknologia berriekin loturiko ezagutzak areagotzeko aukera izango dute, baita errealitate birtualeko eta 3D inprimaketako azken aurrerapenak ezagutzeko ere.

Segurtasun informatikoa izango da edizio honetako gai nagusia, eta horren inguruko doako hitzaldi eta tailerretan parte hartu ahal izango dute bertaratuek. Ordenagailuetan eta sakelako telefonoetan sor daitezkeen arriskuak ekiditen ikasteaz gain, robotika, programazioa eta datuen analisia jorratuko dira, besteak beste, publikoarentzat irekita dagoen Opengune zonan gauzatuko diren prestakuntza-saioetan.

Prest dago guztia bihar goizeko irekiera ekitaldirako. Guztira, 600 partaide baino gehiago elkartuko dira Usabalen, eta ehunka bisitari espero dituzte. Opengunearen erakargarritasunei esker, iazko bisitarien zifra (2600 lagun) gainditzeko asmoa dute antolatzaileek.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza eta Internazionalizazio arloko zuzendari Antton Tomasenak azpimarratu duenez, Gipuzkoa Encounterrek bultzatzen dituen balioak –berrikuntza eta digitalizazioa kasu– Aldundiak sustatzen dituen politiken oinarri ere badira. Zentzu horretan, nabarmendu du bilkura teknologikoak suspertu egiten dituela Gipuzkoako garapen sozioekonomikoarentzat “ezinbestekoak” diren arloak. Besteren artean, aintzat hartu du ekimen teknologiko honek zibersegurtasunaren eta talentuaren alde egiten duen apustua, Gipuzkoarentzat “erronka saihestezinak” baitira horiek.


Tolosako alkate Olatz Peonek eskerrak eman dizkie urtero-urtero topaketa posible egiten duten horiei eta udalerria, asteburu batez, Euskadiko epizentro teknologiko bilakatzen laguntzen dutenei. Gainera, Gipuzkoa Encounter topaketak euskararen alde egiten duen apustua azpimarratu du, eta “gero eta emakume gehiago” daudela gehitu du. Azkenik, teknologia berrietan interesa duen orori Usabal kiroldegira hurbiltzeko gonbidapena luzatu dio, prestakuntza-hitzaldiez eta bilkurak eskaintzen dituen ekintza erakargarriez gozatzeko.

Euskalteleko Komunikazio Korporatiboko eta Kanpo Harremanetako zuzendari Aitor Markaidak gogorarazi du telekomunikazioan espezializatutako enpresak parte-hartzaileei segundoko 10 gigako konexioa duen sare informatikoa eskainiko diela, etxeko konexioen nabigazio abiadura baino askoz handiagoa. Horrela, asteburu honetan Tolosa “Estatuko herri azkarrena” bihurtuko dela adierazi du.

Gipuzkoa Encounterreko koordinatzaile eta Euskaltel Konekta Fundazioko kudeatzaile Sabino San Vicentek gogorarazi du, formakuntza-eskaintzaz gain, bisitariek hainbat esperientziaz gozatzeko aukera izango dutela: sarrera librea eta doakoa duten errealitate birtualaren txokoa edota jokoen eremua, esaterako. Aurkezpenean parte hartu duten gainontzeko gonbidatuen antzera, azaldu du ekimenak alor desberdinetako profesionalak harremanetan jarri dituela: programazioa, diseinu grafikoa, musika digitala edota zibersegurtasuna bezalako alorretako profesionalak, hain zuzen. Horrela, “teknologia berrien zaleek profesionalekin egoteko aukera dute”, erantsi du. Beraz, toki berean eta 72 orduz, “ikasteko gogoa duten horiek irakasteko gogoa dutenekin egon daitezke”, aipatu du.

Egitarau zabala

Euskaltel Konekta fundazioak antolatutako egitarauan, parte-hartzaileek arte digitalarekin, programazioarekin, bideo-jokoekin, software librearekin eta hardware-arekin zerikusia duten tailerrak egin ahal izango dituzte, beren ezagutzak eta sormena areagotzeko asmoarekin.

Euskaltel Konektak antolatutako partyaren laguntzaile dira Euskaltel, Tolosako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Landa Ingurumeneko eta Lurralde Orekako departamentua, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura saila, SPRIren bitartez.

Komunikabideentzako akreditazioak

Gipuzkoa Encounter 13ra gerturatu nahi duten komunikabideei arren eskatzen diegu bertaratu behar duten kazetari eta teknikariei aldez aurretik akreditatzeko, datuak Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. helbidera bidaliz:

  • Izen-abizenak.
  • NAN zenbakia.
  • Komunikabidea.

Antolatzailea

Euskaltel Konekta
Euskalamiga Elkartea

Ahotsa:

943-533696 (9:00-13:30 eta 15:30-19:30 CET, astelehenetik ostegunera eta 9:00-13:30 ostiraletan)

Faxa:

943-533697

IRC auzo ofizialak:

IRC-Hispano
#euskal
QuakeNet
#euskal

Edozein galdererako:

olatz@euskalencounter.org

Prentsa arduraduna:

Aitor Ubarretxena. Infotres Comunicación.
943 22 45 30 / 609 12 16 66
E-mail: press@euskalencounter.org

 

Lokalizazioa

twitter facebook flickr youtube instagram twitch