- Hamahirugarren urtez ospatuko den festa teknologikoak izugarrizko arrakasta duela agerikoa da, eskainitako 400 eserlekuak izen-emate epea ireki bezain azkar hartu baitituzte parte-hartzaileek
- Aurtengo hitzorduak segurtasun informatikoa izango du ardatz nagusi, eta arriskuak nola ekidin ikasteko doako hitzaldi eta tailerrak izango dira parte-hartzaile zein bisitarientzat
- Informatika-gaien eta teknologia berrien zaleen Gipuzkoako topaketa martxoaren 22 eta 24 bitartean egingo da, eta 600 parte-hartzaile elkartuko dira Tolosan. Arte digitaleko, software libreko eta hardwareko txapelketak egingo dira, baita bideo-jokoak, hitzaldiak eta tailerrak ere, beste jardueren artean
- Euskaltel Konekta fundazioak antolatu du ekimena, Euskaltelen, Tolosako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta SPRI taldearen laguntzarekin
Urtez urte, txundituta geratzen dira Gipuzkoa Encounter informatika-topaketaren arduradunak partyak sortzen duen interes handiagatik. Iaz 15 segundotan amaitu zen izen-emate epea; izugarrizko marka. Eta aurtengo errekorra are harrigarriagoa da: 2,1 segundo eskasetan erreserbatu dituzte zaleek ordenagailu-postu guztiak.
Ehunka pertsona saiatu dira martxoaren 22 eta 24 artean Tolosan gauzatuko den hitzordurako eserlekua lortzen, baina azkarrenek soilik eskuratu dute lekua. Topaketan parte hartzeko interesa zutenek izen-emateak irekitzeko momentura arte itxaron behar zuten ordenagailu aurrean, eta, arnas hartzeko denborarik gabe, erreserba sisteman sartzen saiatu. Gipuzkoa Encounterren webguneak duen sistema sendoari esker, eragozpenik gabe kudeatu ahal izan dira aldi berean iritsitako ehunka eskaerak, eta marka ezin hobean banatu dira 400 postuak. Gainerakoak itxarote-zerrendan geratu dira, eta nahi duten guztiek bisitan etortzeko aukera izango dute, eguneko pasea eskuratuz edo Opengune zona irekira gerturatuz.
Partyaren zonan 600 parte-hartzaile inguru espero dira, ordenagailu postua eskuratu dutenak eta eguneko pasearekin bertaratuko direnak zenbatuz. Hala ere, teknologia-zale guztiek eta informatika-festa hau ezagutzeko jakin-mina dutenek Usabal kiroldegira gerturatzeko aukera izango dute, publikoarentzat irekitako ekimen anitz egongo baitira. Aurtengo hitzorduak segurtasun informatikoa izango du ardatz nagusi, eta ordenagailuetan nahiz sakelako telefonoetan arrisku informatikoak nola ekidin ikasteko doako hitzaldi eta tailerrak izango dira parte-hartzaile zein bisitarientzat.
Robotika, programazioa eta datuen analisia bezalako gaiei buruzko formakuntza ere eskainiko dute hainbat adituk. Usabal kiroldegira gerturatzen direnek, gainera, errealitate birtualeko esperientziez gozatu ahal izango dute, baita jokoen gunean dibertitu ere. Openguneak jende mordoa erakartzen du urtero, ongi pasatzeko eta ikasteko ekintzen egitarau zabala eskaintzen baitu.
10 gigako konexio-abiadura
Euskaltelek ezarriko duen sare informatikoak parte-hartzaileei segundoko 10 gigako konexio-abiadura emango die eta, horri esker, nabarmen gaindituko da etxeetako konexioen potentzia. Horrela, Estatuko informatika-topaketa azkarrenetarikoen artean kokatzen da Gipuzkoa Encounter.
Euskaltel Konekta fundazioak parte-hartzaileentzat antolaturiko ekintzen artean, arte digital, programazio, bideo-joko, software libre eta hardware txapelketak egingo dira, baita bertaratuen sormena pizteko eta elkar ezagutzeko aisialdi jarduerak ere. Elkarbizitza estu hori gauez ere gertatuko da, ehunka parte-hartzaileek kiroldegitik hiru minutura dagoen Laskorain ikastolan ezarritako literetan lo egingo baitute.
Euskaltel Konektak antolatutako partyaren laguntzaile dira Euskaltel, Tolosako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Landa Ingurumeneko eta Lurralde Orekako departamentua, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura saila, SPRIren bitartez.
Komunikabideentzako akreditazioak
Gipuzkoa Encounter 13ra gerturatu nahi duten komunikabideei arren eskatzen diegu bertaratu behar duten kazetari eta teknikariei aldez aurretik akreditatzeko, datuak Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. helbidera bidaliz:
- Izen-abizenak.
- NAN zenbakia.
- Komunikabidea.